Abusu ikastola

Edizio bakoitzean ikastola desberdin batek antolatzen duen jaia da Ibilaldia eta 2022koa Bilboko Abusu Ikastolari egokitu zaio. Datorren maiatzan hirugarren aldiz ospatuko da Ibilaldia Abusun, aurretik 1994 eta 2001ean ere egin zen eta. Herri handieneko ikastola txikiena martxan da.

Abusuko bi eraikin nagusiak

1977 urtea

Guraso talde txiki batek Abusu Ikastola sortu zuenean, parrokiako behe solairuetan kokatuta zegoen. Ondoren, Arrigorriagako Udalaren lokaletara pasatu ginen.

1980 urtea

Zaratamon eskualdeko ikastola bat eraiki zen: bertara inguruko umeak joaten ziren Lehen Hezkuntzako ikasketak egitera, Abusuko, Ugaoko, Arrigorriagako (erdialdea) eta Zaratamoko ikasleak joaten ziren bertara. Haur Hezkuntza berriz, ikasleen herri eta auzoetan egiten jarraitzen zuten.

1993 urtea

Abusu Ikastolak, Euskal Herriko Ikastolen Elkartean mantentzea erabaki zuen. Aldiz, Zaratamoko eskualdeko Ikastolak, hezkuntza sare publikoan sartzea erabaki zuen. Une honetan beste erabaki garrantzitsu bat ere hartu genuen: Haur Hezkuntzako ikastola bat izatetik Lehen eta Bigarren Hezkuntza eskaintzea erabaki genuen.

Horretarako lekurik egokienak auzoan bertan edo hurbil behar lukeela eta, Ibaizabal ertzeko antzinako irin fabrikan ikusmira jarri eta bertan eraikuntza berria egiteko tramiteak hasten dira, Pontoiko zubiaren ondoan, alegia. El Pontón errota bost mende lehenago izan zen tokian.

Abusu ikastolako ataria hastapenean

1994 urtea

Lehen Hezkuntzako 1go maila martxan zegoen Abusu Ikastolan. Lehen Ibilaldia ospatu zen garaian, Arrigorriagako Santa Isabel auzoan, Bilboko udalak lagatako lonja batzuetan kokatzen zen Ikastola.

1997 urtea

Hainbat eraberritze lan egin ondoren gaur egun dugun eraikin historikoa martxan jartzea lortu genuen. Une horretan Lehen Hezkuntzako 4. mailararteko ikasleak bakarrk genituen. Hortik aurrera, pixkanaka pixkanaka eskaintza zabalduz joan ginen.

2013 urtea

Eraikin berria zabaldu genuen, dauzkagun eskaera guztiei bidea emateko.

2015 - 2016 urteak

Bi lerro ditu Ikastolak, 0-16 urte bitartean.

2021 urtea

Gaur egun gure eskaintza 0tik 16 urte bitartekoa da. Bi eraikuntzak osatzen dute gaur egungo Abusu Ikastola.

700 ikasletik gora, 500 familia eta 60 langile inguruk osatzen dugu Abusu ikastola kooperatiba elkartea.