ibilaldia 2022

Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaia da. 1978an antolatu zen lehenengoz Uribe Kostan eta 1980. urteaz geroztik urtero egin izan da. Aurtengoa 40. edizioa izango da, beraz. Urteak joan eta urteak etorri, Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi die: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea.

Edizio bakoitzean ikastola desberdin batek antolatzen duen jaia da Ibilaldia eta 2022koa Bilboko Abusu Ikastolari egokitu zaio. Datorren maiatzan hirugarren aldiz ospatuko da Ibilaldia Abusun, aurretik 1994 eta 2001ean ere egin zen eta. Herri handieneko ikastola txikiena martxan da.

Ibilaldia ez da egun bakarreko jaialdi soil bat, baizik eta urte osoan garatuz doan proiektua. Hala, ikasturte osoan arituko gara elkarlanean, jarritako helburuak betetzeko eta pandemia osteko lehen Ibilaldi handi eta normalizatua izateko asmoz.

2022ko maiatzaren 29n ospatuko dugu Ibilaldia eta familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izatea nahiko genuke, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz.

Helburuak

Hona hemen zuzenean edota zeharka Ibilaldia ospatzearekin batera landu nahiko genituzkeen helburu eta baloreak:

  • Euskalduntasuna.

    Euskal kultura eta ikastola ardatz dituen jaia.
  • Izaera herritarra

    gizarte-eragileekin lankidetzan burutzen den jaia.
  • Sustapena

    Hezkuntza-sisteman ekimen berriak sustatzen dituen jaia.
  • Elkarlana

    Administrazioarekiko elkarlana bideratzen duen jaia.
  • Hezkuntza komunitatea

    Hezkuntza-komunitate osoak — guraso, ikasle, irakasle, langile, etab.ek — esku hartuz egiten den jaia.
  • Jarrera parte hartzailea eta hezitzailea

    Gaztetxo eta nerabeen jarrera parte hartzailea eta hezitzailea bultzatuko duen jaia.
  • Elkarlana

    Ikastolen arteko elkarlana bideratzen duen jaia.
  • Diru baliabideak

    Ikastolen finantzazio indibidual eta kolektiboa diru-baliabidez hornitzen duen jaia.
  • Dimentsio nazionala

    Euskal Herriari atxikia, dimentsio nazionalaz, eta Euskal Herri osoarentzat gure lurraldetik eratzen den jaia.
  • Pandemia

    Pandemia osteko lehen jai handia?

Zehar lerroak

  • Euskara eta beronen sustapena bultzatzea.
  • Parekidetasuna/hezkidetza
  • Sexu eta generoari lotutako rolak gainditzea.
  • Jasangarritasuna, antolatzen ditugun ekintza guztietan. Garraio publikoaren nagusitasuna (metroa, tranbia, trena, autobusa...) eta naturan txertaketa
  • Parte hartzea: ikastola komunitate osoarena
  • Ibilaldia prozesu parte hartzaile izatea ikastolako eta auzoetako eragile guztien artekoa.
  • Inklusioa
  • Behar ezberdinetako pertsonentzako Ibilaldia diseinatu, hau da, guztiontzako Ibilaldia garatu.

Logoa eta leloa

Logoak 3 errotarri adierazten ditu, errota izandako lekuan gaudelako, eta gure lelo jolastiak ere hiru hitz dituelako: “Erro, harri, har” izango du lelotzat, komunitateko hainbaten arteko jardun emankor baten ostean erabakita. Gutako bakoitzaren ekarpen onena eskatuko digu. Toki handieneko ikastola txikienak handi egingo duena, jolas giroan eta alaitasunez.

  • Erro

    sustraiak zaintzen gabiltzalako, harro, errota izandako honetan proiektua errotu asmoz.
  • Harri

    harria bezain gogor jardungo garelako, euskara eta ikastolaren alde gotortuta, Euskal Herrian erraza ez den egoeran, temati; inmersioaren aurka iparraldetik zein beste nonahitik haizea badatorrelako.
  • Har

    harrera herri izan nahi dugulako. Gure herrian zein kanpoan jaiotakoei zabalik egon nahi dugulako, euskara eta ikastola eskainiz. Berdintasuna ere helburu dugulako, pandemiak berriz ere handitu dituen zailtasun eta arrakalen aurrean; hezkuntza inklusiboa eta unibertsala, finean. Eta barne-beka sistemarentzat hartzaileak nahi ditugulako. Eta har, baita ere, langile konprometituenak ere hartu nahi ditugu, erakarri, geureganatu, eutsi.
Erro Harri Har!

Egindako lanaren ederra gozatuz, publikotasuna ulertzeko gure eratik, gure proiektuaren balioak lehenetsiz, oposizio eta oposaketa guztien gainetik.