Adierazpen ofiziala

Atsekabe handiz jaso dugu iragan maiatzaren 27an Santurtzin sexu eraso baten salaketa izan denaren berria. Ibilaldia igaro eta astebete geroago horrelako berri bat jasotzeak atsekabea eta asaldura eragin digu, egun handia izan zelako Bihotz Gaztea ikastolarentzat eta, oro har, ikastola guztiontzat, eta dena primeran joan zenaren ustea genuelako.

Orain jakin dugu, gure jaia ospatu genuen egunean, Santurtzin, sexu eraso baten biktima izan zela nerabe bat, adin txikiko neskato bat, berak eta bere gurasoek biharamunean Ertzaintzaren aurrean jarritako salaketa batean agertzen denez, eta gazte bat ikertzen ari direla eraso horren egile gisa. Informazio gutxi dugu, gaur prentsan agertu dena baino ez dakigu. Horregatik, une honetan, zuhurtziaz jokatu beharra daukagu, baina, halere, ezin dugu isilik geratu.

Ezin dugu isilik geratu, salaketa honek bere bidea egingo duen arren, esan beharra daukagulako ez dugula inolaz ere sexu erasorik onartzen, ez gizartean, eta are gutxiago gure jaietan. Gogor eta indar guztiarekin salatzen eta gaitzesten dugu horrelako ekintza bat, bere horretan indar guztiz salatzekoa izateaz gainera, ikastolok bultzatzen dugun gizarte ereduaren, gure ikasleei, gure seme-alabei ematen diegun hezkuntza ereduaren guztiz kontrako ekintza ere badelako.

Azken urteetan, lan handia egin dugu ikastolen jaietan jai parekideak bultzatzeko, eraso sexistarik ez onartzeko, eta, emango balira, haiei aurre egiteko. Protokolo eta ekinbide zehatzak ditugu, eta zorrotz betetzen ditugu. Horretan sakontzea dagokigu eta sakonduko dugu, uste baitugu hori dela ikastolok gai honetan egin genezakeen ekarpen garrantzitsuena. Dena gure esku ez dagoen arren, gure esku dagoen dena egiten jarraituko dugu.