Tanta, Ikastolen aldeko elkartasun adierazpena

Ihintza, kresala, lanbroa, elurra... tantaz-tanta, malutaz-maluta, gure paisaia bustitzen duten fenomeno metereologiakoak dira. Haiei esker dira diren bezalakoak gure mendi, zelai, baso, kostalde, herri, hiri... Gure gureak ditugu, gure gurea dugun bezala elkartasuna.
Elkartasuna ere tantaz-tanta osatzen da. Bakoitzak jartzen duen aletik, tanta horretatik, osatzen da elkartasuna. Ikastolok badakigu, ongi jakin ere, elkartasuna zer den. Sortu ginenetik jaso izan dugu, eta horri esker atera dugu aurrera ikastolen proiektua.
 
Ikastolen jaiak dira jasotzen dugun elkartasun horren adierazle nagusiak. Urtero, ehunka mila lagunek adierazten digute, tantaz-tanta, gurekiko elkartasuna. Adierazpen horrekin, ikastolok hurrengo urteari adorez ekiteko indarra hartzen dugu, eta gure proiektu pedagogikoari erantzuteko baliabideak eskuratzen ditugu.
Ikastola eredua ezagutarazteko baliatzen ditugu jaiak, baina, horrekin batera, euskal kulturaren lagin bat (musika, dantza, antzerkia, gastronomia, jolasak...) eramaten dugu gure jaietara, guztiok gozatu eta bizi ditzagun jai hauek, euskaratik eta euskaraz.
Ikastolen jaiak auzolan erraldoiak dira. Gure herrigintzaren berezko ezaugarrietako bat da auzolana, eta hura oinarri hartuta antolatzen ditugu gure jaiak. Milaka lagunek musu truke egindako lanaren emaitza dira. Baina dena ezin da musu truke egin, eta gure jaiek kostu ekonomikoak ere badituzte, urtero handiagoak, tamaina honetako jaiak antolatzeko exijitzen dizkiguten baldintza zorrotzek eragindakoak.
 
Auzolanean bezala, autogestioan eta autofinantzaketan oinarritzen dira gure jaiak. Ikastolek euren proiektu pedagogikoak aurrera ateratzeko behar duten bultzada ekonomikoa jasotzea izanik helburuetako bat, jaiaren egunean edota urtean zehar diru sarrerak lortzeko bideak irekitzen dira (arropa salmenta, txosnak, tonbola, sarrerako kutxak, kultur eta kirol ikuskizunak...).
Baliabide horietako bat zozketa izan da. Jai bakoitzak bere zozketa antolatzen du; dirua, auto bat, bidaia bat... gauza desberdinak zotz egiten dituzte. Helburua bera izanik --jaien autofinantzaketa--, bost zozketa horiek egin beharrean, elkartasun txartelak egitea erabaki dute ikastolen jaiek, eta TANTA sortu dute.
 
Zer da Tanta?
Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da TANTA, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikaritzen dena. Herritarrek bost euroko ekarpena egiten diote
Euskal Herriko ikastolen proiektuari, TANTA txartel bakoitzeko. Ekarpen horri esker, ikastolek beren proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dute.
TANTA txartelaren bitartez, herritarrak partaide dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak.
Ikastolek herritarren elkartasun adierazpen hau saritu nahi dute. Horregatik, TANTA txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.
 
Elbiria Zipritia
TANTA txartelarekin IKASTOLA EREDUA ere azaldu nahi da; nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten zabaldu nahi da. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz.
TANTA abiatzeko aukeratu den lehen pertsona Elbira Zipitria (1906-1982) da. Irakasle, ikastolen sortzaile eta lehen ikastolen eta egungoen arteko zubi izan zen, bai eta ikastoletako irakasleen irakasle ere, berak sortu zuen irakasle eskolaren bitartez. Frankismoaren urte gogorrenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuen, eta beraren bitartez txertatu zen ikastolen oinarrian euskarazko irakaskuntza aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko xedea.
 
Noiz eta nola?
TANTA txartelak abendutik aurrera egongo dira eskuragarri ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan. 60.000 euroko sariaren zozketa, berriz, ekainaren 25ean egingo da notario aurrean.