IBILALDIA JAIA BERTAN BEHERA

Azken egun eta asteetan bizitzen ari garen egoerak zenbait hausnarketa egitera eraman gaitu, eta mezu honen bidez jakinarazi nahi dugu horrenbeste ilusiorekin eta gogorekin urriaren 18rako prestatzen ari ginen Ibilaldia jaia ez dela egingo. 

Ilusio handiarekin hartu genuen Ibilaldia Elorrion antolatzeko erronka, eta asko izan dira proiektuari bihotza, denbora, laguntza eta babesa eskaini dizkiotenak, baina azkenean ezin izango dugu prestatzen ari ginena aurrera eraman.

Erabaki oso zaila izan da, baina zentzuzkoena ere bai. Txintxirri Ikastolan erabakiak arduraz hartzeko hezten ditugu ikasleak, ikuspuntu ekintzailearekin eta kritikoarekin. Gure helburu nagusia ikasle konpetenteak eta kooperatiboak heztea da, egoera ezberdinen aurrean irtenbideak bilatzeko gai diren ikasleak.Horri helduta hartu da erabakia. Arduraz jokatu behar dugu, eta egokitu zaigun egoeraren aurrean erabakiak hartu.

Ibilaldia 2020ari behar bezalako itxiera bat emateko asmoa dugu. Horregatik, datozen asteetan zehaztu beharko dugu Ibilaldiko lantaldeetan ea zer nolako ekitaldiak (banakakoak eta jende pilaketa handirik gabekoak) egingo ditugun urrian Elorrion Ibilaldia agurtzeko. Era berean, Ikastoletako jaialdi guztien arteko ekitaldi birtual handi bat egiteko asmoa ere lantzen ari gara. 

Hilabete luzez Ibilaldia jaiarekin lotutako lanetan aritu zareten guztiei eskerrak eman nahi  dizkizuegu. Aurten Ibilaldia Txintxirrirena izan da, baina Ibilaldia Bizkaiko Ikastolen jai erraldoia da eta bere bideari jarraituko dio. Lanari ekingo diogu, denon artean, eta leloak esaten duen bezalaxe, #helhorri aldarrikatuko dugu. 

Esan bezalaxe, datozen asteetan zehaztuko dira Ibilaldiaren bueltan Txintxirrik hartuko dituen erabakiak eta horiek guztiak jakinaraziko zaizkizue. Bitartean, herritarrei, eskualdeko biztanleei zein Bizkaiko lagun guztiei eskatu nahi dizuegu dagoeneko martxan ditugun egitasmoetan parte hartzeko, Tanta txartelak erosiz eta gure denda online|n zure eskaria eginez. Denon laguntza beharrezkoa da!

#HelHorri