KALAKALATA! IBILALDIA 2021 - Martxan dago.

Batek baino gehiagok pentsa dezake oraingoa ez dela garairik aproposena Ibilaldia bezalako ekimenak prestatzen eta lantzen hasteko, azken hilabete hauetan bizitzen ari garen pandemiak guztiz baldintza dezakeelako proiektu horiek bideratzea eta gauzatzea, hor ditugu aurten bertan behera geratu diren hamaika ekimen, baina, aitzitik, orain inoiz baino beharrezkoago dugu Ibialdiak bere-bereak dituen balore horiek azalaraztea eta ekarpen berriak gizarteratzea. Berrogeitik gorako Ibilaldia antolatu ondoren ikastolen jaiak ez du gaurkotasunarik galdu, oraingoz ere sortu zeneko arrazoiek bizirik dirautelako, hain zuzen ere.

1990ean Sopelan ospatu zen Ibilaldia. 1997an eta 2004an Leioan, azken hau, oraingoan legez, Sopelako Ander Deuna Ikastola eta Leioako Betiko Ikastolaren eskutik. 2021ean, berriro ere, Sopelara ekarriko dugu. Aukera paregabea Ibilaldia berarekin dakarren eskaintza kulturalaz gozatzeko, elkartasuna adierazteko, elkar eraginaz baliatzeko, elkarte eta herritarren arteko harremanak estutzeko, hezkuntza komunitatea trinkotzeko…

Horrela, bada, 2021eko maiatzaren 30ean, 2020-21 ikasturtean zehar Uribe-Kostan eta Leioan egingo diren ekimenei amaiera emonez Sopela udalerrian egingo dugun Ibilaldian elkartuko gara .

IBILALDIA 2021. HELBURUAK
Hona hemen zuzenean edota zeharka Ibilaldia ospatzearekin batera landu nahiko genituzkeen helburuak:
● Ikastola eredua indartu.
● Ikastolako komunitatearen eta herriko elkarte eta erakundeekiko harremanetan sakondu.
● Gure ikastoletan dauzkagun eraikinen berritze eta egokitze lanekin jarraitu.
● Jaiotze tasan emoten ari den beherakadari aurre egin; proiektu pedagogikoa ezagutarazi.

IBILALDIA 2021. ZEHAR LERROAK.
● Euskara eta euskal kultura bultzatu egingo diren ekitaldi eta ekimen ezberdinetan.
● Berdintasuna, hezkidetza.. Ibilaldian etengabeko lana gaian sakontzeko.
● Jasangarritasuna. Jasangarritasun ikuspuntua etengabe presente Ibilaldian.
● Zabalik Ibilaldia parte hartu nahi duenari; pertsona, elkarte, erakunde… Ikastola komunitate osoaren partaidetza bultzatu.

LELOA eta LOGOA
Logoa eta leloa sortzeko bi lan saio egin izan dira urte hasieran. Horietan saioetan, gurasoak, ikasleak, langileak… parte hartu zuten eta guztira 100 bat lagun izan ziren ideiak partekatzen eta proposamenak egiten.
Ondoren, proposamen guztiak - irudiak, hitzak, esaldiak… - hartu eta apurka-apurka lan taldetxo bat hasi zen lanean, Covid-19k sortutako egoeraren ondorioz konfinamenduan izan ginen arte eta, ondorioz, gaia behar baino gehiago luzatu bada ere maiatza aldera erabakia hartu da.
Lelotzat “kalakalata!” aukeratu da. Horrekin berbarekin hezur mamiraino heltzen den bustitzea adierazten da, barru barruraino hartzen duena, batzutan deseroso ere sentiarazten gaituena. Baina, halaber, konpromisoa adierazi gura da. Konpromiso sakona, oso osorik hartzen gaituena. Konpromisoa Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera ateratzeko, konpromisoa alkarregaz aritzeko helburu komunak lortu gurean, konpromisoa euskara eta euskal kulturaren transmisioan eta sorkuntzan, konpromisoa hezkuntzatik gure etorkizuna eraldatzeko …
Logoari dagokionez, berriz, guztiz blai jauzi egiten dabilen giza irudi bat aukeratu da. Pozez jauzi egiten duena beharbada, ur sakonetan murgildu gura duena akaso…
baina edozelan ere ekimena eta bizitasuna adierazi gura duen irudia.