KOMUNITATEAREN DEIADARRA / TOPAKETA

Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolek euren gain hartu dute 2021eko Ibilaldia antolatzeko ardura; hala ere, gaur egungo egoerak baldintzatuta, aurtengoa ezohikoa izango da. Izan ere, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia ez da egun bakarreko ospakizunera mugatuko, eta komunitatea indartzeko kultur proiektu osoa izango da. Horretarako, maiatzaren 30ean ospatuko den Ibilaldiaren aurretik, gaur, maiatzaren 22an, ikasle ohiek, gurasoek eta langileek topaketa-eguna izan dute Ander Deunan.

“Elkartu ginen momentutik argi izan genuen aurtengo Ibilaldiak ez ziola egun bakar bati heldu behar, kultura proiektu bati baizik”, azpimarratu du Endika Zinkunegi Zubizarretak, Ander Deuna eskolako guraso eta Kultura Batzordeko kideak. “Hasieratik nahi genuen komunitatea indartzea, eta kultura proiektu bat markatu genuen. Horretarako, hainbat eremuri heldu genion, ikasleei begira, eta gaurko kasuan bezala, 16 eta 18 urtetik gorako jendearentzako elkargune bat sortzea ere erabaki genuen, langile, familia eta herritarrentzako topagune bat sortzeko. Gu elkartzeko, ondo pasatzeko eta harremanak sendotzeko gune bat sortu nahi izan dugu gaur”, azaldu du.

Egunari hasiera emateko, ikastola biak elkartu dituen irrintzi-katea egin dute, Leioatik Sopelara. Ikastetxe bien artean dauden 8,5 kilometroetan 35 taldek osatutako katea egin dute; horietan, pertsona banak irrintzia bota du, beste batek emozioak adierazi dituen bitartean. Ekintza horrekin, azpimarratu dutenez, ikastolek herriari eta hizkuntzari ematen dietena adierazi nahi izan dute.

Ondoren, Ander Deunan batu dira denak herri-jolasen topaketa egiteko. Bertan egon dira ere Euskal Herriko beste lurraldeetako ikastolen jaiak antolatzeaz arduratuko diren zentroetako ordezkariak: Lizarra ikastolako taldea ­–Nafarroa Oinez– eta Beasain, Ordizia eta Lazkaoko ikastoletako kideak –Kilometroak–. Horietaz gainera, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako kideek bina talde aurkeztu dituzte lehiara; Herri Urratseko antolatzaileak ere bertaratu behar ziren, baina, baimen kontuengatik, ezin izan dira etorri. Araba Euskarazekoek ere ez du parte hartu oraingoan.

Taldeek herri-jolasetako ohiko frogak egin dituzte: txingak, ingudea, zaku-eroatea, gisa-probak, harri-jasoketa, auzolana, trontza, lokotxak, sokatira, dantza eta bertsoak. Goiz euritsua izan da, baina horrek ez du giro ederra zapuztu, eta alaitasuna izan da nagusi taldekideen artean. Hala, antolatzaileek jakinarazi dutenez, ikastolen hurrengo jaialdietan antzeko ekintzak egingo dituzte lurralde bakoitzeko ordezkariekin; hurrengoa Laudion izango da, ekainaren 20an. 

Bertsoekin hasi dituzte jolasak, baita bertsotan horiei amaiera eman ere. Lehia berdintsua izan da, eta, azkenean, Nafarroako eta Gipuzkoako taldeek eskuratu dute lehenengo postua, puntu kopuru berarekin.

Jolasak amaitu ondoren, denen arteko bazkaria egin dute Sopelako ikastolan, eta, arratsaldean, Garilak 26 musika-taldearen kontzertuarekin egin diote agurra egunari.