Herri ikastola gara, eta helburu nagusi bat daukagu: euskara eta euskal kultura zabaltzea hezkuntza integrala emanez.

Zubi Zahar Herri Ikastola 1967. urtean jaio zen Ondarroan, gurasoen irakaskuntza kooperatiba bezala. Herri ikastola gara, eta helburu nagusi bat daukagu: euskara eta euskal kultura zabaltzea hezkuntza integrala emanez.
Gure ikastolan, jaioberriekin hasi, eta 16 urte bitarteko ikasleei kalitatezko hezkuntza euskalduna eta integrala eskaintzen diegu.
Identitate euskalduna bermatzen duen kalitatezko eskola sustatu nahi dugu. Horretarako eman behar diren prozesuak ahalbidetzen ditugu ikasleek Europan txertatuta eta munduarekin lotuta dagoen euskal gizarte kohesionatu batean bizitzen ikas dezaten.
Hezkuntza eta hizkuntza proiektuaren ardatza euskara izanik, pertsona eleaniztunak hezten ditugu, eta beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera lortzea bideratu, hau da, euskaraz gain, gaztelania, ingelesa eta frantsesa indartuz. Horrekin guztiarekin hizkuntzen eta kulturen ikuspegi integratzailea garatzen dugu.
Gure hezkuntza integrala da. Ikasleak helduarorako eta bizitza asebetea edukitzeko prestatzen ditugu, gizabanako gisa, gizarteko herritar aktibo gisa eta ingurumena zaintzearekin eta garapen iraunkorrarekin arduratzen den pertsona gisa.
Elkarbizitza baikorra ahalbidetzen dugu kultur eta giza aniztasuna eta bakoitzaren izaera onartu eta errespetatuz. Pertsona guztien pentsamenduak, emozioak eta sentimenduak kontuan hartuz. Horrekin batera, jokabide demokratikoak garatzen ditugu, pertsona arduratsuak, kritikoak, aktiboak, parte-hartzaileak eta beren buruekiko eta inguruekiko begirunetsuak; elkarrizketan, tolerantzian eta talde lanean oinarritzen diren ikasleak. Errespetuan eta arduran oinarritutako elkarbizitza nahi dugu. Ildo horretan, guztiok ditugu zenbait eskubide, baina baita hainbat betebehar edo konpromiso ere. Gatazkak elkarbizitzaren zati dira, eta elkarrizketa izango dugu horiek konpontzeko oinarria. Elkarbizitza gure proiektuaren ardatz nagusia da.
Gure curriculuma eta irakasleen etengabeko berrikuntza pedagogikoa bultzatzen ditugu. Horretarako, giza baliabideak, teknologia berriak eta material hezitzaile berritzailerik egokienak erabiltzen ditugu.