Skip to main content

Logoa eta leloa

“Txonbo” izango dugu lelotzat.

Hona hemen Unai Elorriaga (2023) ikastolako guraso eta euskal idazle ezagunak egindako ikerketaren emaitza:

“Txonbo uretan murgildu, batez ere buruz behera adierazten du.“

Uribe Kostako hainbat herritan eta Txorierri mendebaldean erabiltzen da, Algortatik eta Urdulizera edo Leioa eta Derio bitartean. Fruizen "bost uger" eta Meñakan "must uger" esaten da. Beraz, azken horiek bezala, onomatopeian izango du jatorria seguruenik.

Hona Koldo Zuazok eta Urtzi Goiti linguista ezagunek jasotako adibidea:

“Txónbok in gus? -Bále, baye gwásen árau. Ámen estau naiko sakon burus bótateko.“

Bizkaiera batuan:

“Txonboak egingo doguz? -Bale, baina goazen harago. Hamen ez dago nahiko sakon buruz botateko.“

Ikusten denez, txonboa "egin" esaten da:

“Txonbo egin duzu? Bai, amama.“

*“Txonboa bota duzu? Bai, amama.“

Gaztelaniaz ere erabili izan da berba hau gure aldean, euskaratik zuzen hartuta. Euskara gutxi dakitenek ere ezagutzen dute:

“¿Qué? ¿Unos txonbos en Arrigunaga? “

Esandako moduan berba euskarazko hiztegietan jasoa dago zangada, murgil, mustada, pikanbera, pulunpe hitzen esanahi bezala.

Irudia
txonbo

Logoak uretara txonbo egitean sortzen den ur zipriztina irudikatzen du.

Horrela bai lelo eta logoak osatzen duten irudia dinamikoa eta alaia da. Ibilaldian txonbo egin nahi dugu. Era berean txonbo bizikidetzara, abenturara, Getxora, euskarara eta aurretik adierazitako balore ezberdinetan murgildu edo txonbo egin gura dugulako:

TXONBO EGIN

Uretara, buruz aurrera, amildu.
Uretan, buruz behera, murgildu.
Euskarara, aho zabalik, hurbildu.
Euskarara, aho bizi, bildu.
Ez kikildu, ez isildu, ez fosildu, ez saskildu.
Beti biribildu.

TXONBO EGIN

Zain duzu ura.
Zain dituzu hau, hori, hura.
Denon batura.
Kultura.
Euskararen lilura.
Abentura. Hunkidura. Elkarren lotura.
Ingurura lotzeko aingura.
Beti gustura.

TXONBO EGIN

Euskarari bai. Euskaraz blai.
Ikastolen lehengai, langai, bizigai.
Herriaren sustrai.
Irriaren uztai.
Garaiz garai. Jairik jai.
Noiznahi. Nonahi.
Beti alai.

TXONBO EGIN

Busti. Arropa eta guzti.
Egin igeri. Ugari. Ageri.
Egin arrain artean arraun.
Beti erein eta iraun.

TXONBO EGIN

Eskutik ondo oratu.
Euskaran hondoratu.
Euskara ahoratu.
Aho olatu.
Hitzez hitz, elez ele.
Kalez kale, zalez zale.
Urratsez urrats, alez ale.

TXONBO EGIN

TXONBOZ TXONBO, MURGILALDIA.
PAUSOZ PAUSO, IBILALDIA.
ALETXOZ ALETXO, GETXO.
ALGARAZ ALGARA, EUSKARA.

txonbo! Ibilaldia 2024 Getxo
txonbo! Ibilaldia 2024 Getxo
txonbo! Ibilaldia 2024 Getxo
txonbo! Ibilaldia 2024 Getxo
txonbo! Ibilaldia 2024 Getxo