Pasar al contenido principal

Euskara sustraietatik eraikitzen.

Kirikiño Ikastola ez da ausaz sortutako proiektua, baizik eta euskararen aldeko grina eta komunitatearen lanaren emaitza. 1970eko hamarkadan, Santutxun euskara ia desagertuta zegoenean, guraso talde batek seme-alabentzako euskarazko hezkuntza eredu kooperatiboa abiarazi zuen. Lehen urratsak Egoialde baserrian eman zituzten, Doña Kontxaren amaren etxean, eta haren ekimenez hartu zuen ikastolak Evaristo Bustinza “Kirikiño” izena, euskararen aldeko maisu nekaezinaren omenez.

Hasierako urteetan, 200 familiak baino gehiagok bat egin zuten ekimenarekin, eta Torre Gorostizaga kalean kooperatiba sortu zuten. Auzolanaren bidez, ikasgelak, altzariak, liburuak eta irakasleak bilatu zituzten, egunez egun ikastola eraikiz. Proiektua urteekin hazten eta sendotzen joan da, eta familia gehiagoren atxikimenduarekin Txurdinagara egin zuten jauzia, espazio zabalago eta irisgarriago batera, Europa Parkearen ondoan.

 

Kirikiño Ikastola gaur egun ere herritik sortutako eta herriarentzat eraikitako proiektua da. Belaunaldi askok jaso dute hezkuntza bertan, eta guztiek parte hartu dute ikastola eraikitzen eta sendotzen. Euskara, kooperazioa, berdintasuna, aniztasuna eta herrigintza dira bere oinarriak. Komunitatea —familiek, langileek eta ikasleek osatua— da proiektuaren indarra eta etorkizunaren giltza.

Kirikiño ez da soilik hezkuntza-erakunde bat: euskaraz bizitzeko eta elkarrekin etorkizun hobea irudikatzeko espazio bizia da. Gaur egun ere, hasierako baloreei eutsiz, hazten eta berritzen jarraitzen du, beti euskaratik eta euskaraz eraikiz.