Erronka 2018

2018ko Erronka-rako froga dibertigarriak prestatu ditugu; horrela, aurtengo Ibilaldia eguna primeran igarotzeko! Ondorengo lerroetan antolaketa-ildo nagusiak dituzue. Animatu! Eta parte hartu!

 

IRIZPIDE OROKORRAK

TALDEAK: 6-10 artekoak.

ADIN-TARTEA: DBH 3-4.

ORDUTEGIA:

  • 9:30. Aurkezpena. Talde guztiek ordu horretan bat egingo dute Busti gunean (bigarrena).
  • 10:00-12:00. Frogak.
  • 12:30. Finala.

PUNTUAZIO-SISTEMA:

  • Hasierako frogak:
    • Lehenengoak 10 puntu.
    • Bigarrenak 9 puntu.
    • Hirugarrenak 8 puntu.
    • Laugarrenak 7 puntu.
    • Bosgarrenak 6 puntu.
    • Seigarrenak 5 puntu.
    • Zazpigarrenak 4 puntu.
    • Zortzigarrenak 3 puntu.
    • Bederatzigarrenak 2 puntu.
  • Finala:
    • Sailkatutako lehenengo lau taldeek parte hartuko dute. Bi taldek batera egingo dute eta saria partekatuko dute. Horretarako, zozketa bidez erabakiko da bi bikoteen osaketa.
    • Oharra: finalean parte hartzeko beharrezkoak izango dira bainujantzia eta eskuoihala; beraz, parte hartzaile guztiek ekarri beharko dituzte.

SARIAK:

Sari-banaketa finala bukatu eta berehala burutuko da.

  • Lehen postuan sailkatzen diren bi taldeentzako piragua ikastaroa Gorlizen (Trokan).
  • Bigarren sailkatzen diren bi taldeentzako surf-ikastaroa Sopelan (Peña Txuri Surf Eskolan).
  • Parte-hartzaile guztien artean hamar smartphone zozketatuko dira.
  • Parte-hartzaile guztiek kamiseta bana, bokadilo eta edari bana jasoko dituzte soilik parte hartu izateagatik.

FROGAK

OREKA-FROGA:

  • Parte-hartzaile kopurua. Bi indo board-en gainean eta bi baloiak botatzeko eta beste 2 baloiak jasotzeko.
  • Deskribapena. Bi taldekidek indo-board-en gainean oreka mantentzen duten bitartean, beste bik 10 metrotako distantziatik baloiak pasako dizkiete. Oreka mantentzen ari diren jokalariek bi eskuekin baloia sendo hartzen duten bakoitzean puntu bat irabaziko dute. Baloia hartzen duten unean, aldiz, eskuetatik jauziz gero edota indo board-aren muturren bat lurra ukituko balu, orduan baliogabetzat emango litzateke jasotako baloia. Beraz, 5 minututan ahalik eta baloi gehien harrapatzen saiatu behar dute, modu horretan ahalik eta punturik gehien irabazteko.
  • Oharrak. Trukatu ditzakete rolak nahi duten adina aldiz. Baloiak jasotzeko ardura duten bi jokalariek ahalegindu beharko dute baloiak jaurtiketa-puntura ahalik eta lasterren bueltatu daitezen.

DASTAMEN-FROGA:

  • Parte-hartzaile kopurua. Sei.
  • Deskribapena. Taldekide guztiek betaurreko itsuak jantzi eta banan-banan hainbat barazki eta fruta dastatzeko emango zaizkie. Helburua ahalik eta gehien asmatzea izango da, horrek emango baitizkie puntuak froga honetan.

IRRISTATZEN-FROGA:

  • Parte hartzaile kopurua. Sei.
  • Deskribapena. Talde bakoitzeko lehen partaideak ahoan koilara bat izango du eta horren gainean pilota txiki bat, epaileak hasiera ematen duenean bideari ekingo dio eta aurrean duen konoari buelta eman. Hasierara berriro heltzean lekukoa beste kide bati pasako dio eta bere txanda itxoingo du. Ahalik eta itzuli gehien lortzea izango da helburua. Bestalde, koilara ezin izango da eskuekin ukitu eta behin hasierako marra gainditzean ukituz gero, baliogabetzat hartuko da eta berriz bueltatu beharko du hasierara eta hurrengo taldekideari pasa lekukoa. Gauza bera gertatuko da pilota lurrera erortzekotan.

ZUKUAREN FROGA:

  • Parte-hartzaile kopurua. Sei.
  • Deskribapena. Talde bakoitzak pertz bana eta neurgailu bat izango du. Epaileak hasiera ematen duen momentuan, parte hartzaileek nahi duten moduan eta ordenan, pertzaren barruan dituzten laranja guztiak zapalduz, ahalik eta zuku gehien ateratzen ahalegindu behar dute. Pertzean pertsona bakarra egon daiteke eta laranjak zapaltzeko gorputzeko edozein gorputz-atal erabil dezake. Taldekideen artean aldaketak edozein unetan egin ditzakete.
  • Oharra. Ezarrita dagoen denbora amaitzean, pertzean duten zuku guztia atera beharko dute eta neurgailura bota. Zukua ahalik eta garbien egon beharko da, ezin izango dute laranja zatirik izan. Zuku gehien duen taldeak irabaziko du.

ZAKU-LASTERKETA:

  • Parte-hartzaile kopurua. Sei.
  • Deskribapena. Parte-hartzaileak zakuaren barruan sartu eta frogari hasiera ematean, zehaztutako ibilbideari ekingo diote.
  • Oharrak. Parte-hartzaileak ezin izango dira momentu batean ere ez zakuetatik atera.

FINALA:

  • Parte-hartzaile kopurua. Bost, talde bakoitzeko. Paddle surf bakoitzean guztira hamar.
  • Deskribapena. Aipatu bezala, finalaren berezitasun nagusia talde bik indarrak elkartu eta batera parte hartuko dutena da. Ondorioz, paddle surf handietan igo eta zehaztutako ibilbidean lasterka egingo dute.
  • Oharra. Finalean parte hartzeko beharrezkoak izango dira bainujantzia eta eskuoihala; beraz, parte hartzaile guztiek ekarri beharko dituzte.