Skip to main content

Ikastolaz ikastola ibiliko da Ibilaldiko denda 2025-2026 ikasturtean

Lehenengo hitzordua Bilboko Urretxindorra Ikastolan izango da urriaren 10ean

2026ko Ibilaldiko arropa

Kirikiño Ikastola buru-belarri dabil Bilbon maiatzaren 31n izango den Ibilaldia antolatzen, eta, ordurako, euskaltzale guztiek 2026ko Ibilaldiko kamisetak edo bestelako produktuak izateko, denda ibiltaria ikastolaz ikastola ibiliko da 2025-2026 ikasturtean zehar.

Lehenengo hitzordua Urretxindorra Ikastolan izango da, urriaren 10ean. Hala, guraso, ikasle, irakasle, langile eta lagunek gustuko dituzten HIRI KIRIBIL BIL leloa duten kamisetak, kirol-jertseak, galtzerdiak edo bestelako osagarriak erosi ahal izango dituzte. 

Astebete geroago, urriaren 17an, Eguzkibegi Ikastolaren txanda izango da eta urriaren 24an, Durangoko Kurutziaga Ikastolara joango da denda ibiltaria. Azaroaren 7an, berriz, Trapagarango Itxaropena Ikastolan jarriko dira produktuak salgai. Horrela, Ibilaldiko eta Ikastoletako lagunek aukera izango dute atsegin dituzten produktuak erosteko eta euskarari, euskal kulturari eta ikastolen proiektuari bultzada emateko.

Ikastolaz ikastola eta herriz herri 

Azarotik aurrera, beste ikastola batzuetara hurbilduko da Kirikiño Ikastolako denda ibiltaria, eta, gainera, herrietako azoketan eta festetan egongo da, udan egin duen bezala. Orain arte, Bilboko zenbait auzotan ibili da, Otxarkoagan, Santutxun, Txurdinagan eta Begoñan, baita Kafe Antzokian ere. Horrez gain, Bermeora, Getxora, Lekeitiora, Mungiara, Zaldibarrera, Portugaletera, Zornotzara, Gorlizera eta Plentziara gerturatu da Ibilaldia 2026ko denda. Udazkenean eta neguan ere ez da aukerarik faltako Ibilaldiko produktuak erosi ahal izateko hainbat ikastolatan eta herritan

Halaber, etxetik erostea nahiago dutenentzat, Kirikiño Ikastolak prest dauka online denda eta eskaerak Ikastolan bertan har daitezke, Grafiazkar dendan edo etxean, Correoseko aukera hautatuz gero. Katalogoa webgunean ikus daiteke.

Azken albisteak

2026 urtea berezia da Kirikiño Ikastolarentzat: Ibilaldia antolatzeko ardura hartu duen ikasturte honetan, komunitatea elkartzeko eta ospatzeko ekimen ugari prestatzen ari da.
2026ko Santutxuko inauteriak arrakastatsuak izan dira oso, eguraldiak lagunduta, eta, beste urte batez, Kirikiño Ikastolako komunitatea bertan izan da.
Kirikiño Ikastolak 100 eguneko atzera kontaketa abiatu du gaurtik aurrera, maiatzaren 31n ospatuko den Ibilaldia gero eta gertuago dagoela gogoratzeko.