Skip to main content

Zea Mays, EZEZEZ eta Txopet taldeetako Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek sortu dute 2026ko Ibilaldiko kanta

Ibilaldia 2026ren abestia martxoaren 3an aurkeztuko da Bilboko Arriaga Antzokian eta sarrerak salgai daude jada

2026ko Ibilaldiko kantaren aurkezpena Arriaga Antzokian martxoaren 3an

Ibilaldia 2026ko kantaren egile eta interpreteen izenak ezagutzera eman dira, eta edizio honetako une esanguratsuenetako bat izango den aurkezpen-ekitaldia martxoaren 3an ospatuko da, 19:00etan, Bilboko Arriaga Antzokian. Aurtengo abestia Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek sortu dute, gaur egun euskal musikaren erreferente diren hiru taldetako artistek: Aiora Renteriak (Zea Mays), Unai Madariagak (EZEZEZ) eta Jon Fernándezek, Andoni Barinaga-Rementeriak eta Iñigo Guemesek (Txopet).

Ikastolaren komunitateak sortutako proiektu honek belaunaldien arteko lotura eta konpromiso partekatua azpimarratzen ditu. Aurkezpen-ekitaldian, gainera, Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek izango dute protagonismo osoa: Imanol Ituiño magoa, eta Amaia Usandizaga eta Ainhize Vega kazetariak izango dira aurkezle lanetan. Ekitaldian gaur egungo hainbat ikaslek ere parte hartuko dute, bai dantzan, bai kantaren bideoklipean, bai ekitaldian aurkeztuko diren beste emanaldi batzuetan ere.

Kirikiño Ikastolaren ordezkarien esanetan, “ohore handia da Ibilaldiko kanta eta ekitaldia gure ikasle ohien talentuarekin osatzea; gure komunitatearen indarra eta jarraikortasuna islatzen ditu”.

2026ko Ibilaldiko abestiaren aurkezpenaren xehetasunak

  • Data: martxoak 3, asteartea
  • Ordua: 19:00
  • Lekua: Arriaga Antzokia (Bilbo)
  • Sarrerak: Arriaga Antzokiko ohiko txarteldegietan, aurrez aurre zein online, esteka honen bidez
  • Prezioak:

    • Nagusiak: 5 €
    • Adingabeak: 3 €

     

Sarrerak gaurtik aurrera daude eskuragarri, eta antolakuntzak gogorarazi du Ibilaldia 2026ren prestaketa fase erabakigarrian sartuta dagoela. Maiatzaren 31ra arte, 2026ko Ibilaldia ospatuko den egunera arte, alegia, Kirikiño Ikastolak antolatutako ekimen ezberdinetan parte hartzeko gonbitea luzatu die herritar guztiei. 

Azken albisteak

Datorren urriaren 16an Portua zeharo piztuko dugu! 🚀 Santurtziko itsas airea, euskal kultura, dantzarako gogoak eta giro paregabea batera. Ibilaldia '27ren aurkezpen ofiziala egingo dugu, eta ziurtatzen dizugu ez dela…

Gaur arratsaldeko 17:00etan, Bihotz Gaztea Ikastolak urrats garrantzitsua eman du Ibilaldia 2027 jaiaren antolaketan. Hezkuntza komunitate osoa ikastolan bildu da jai euskaltzale honen xehetasunak, lan-taldeak eta helburu…

Batzorde batzuek lehen urratsak eman dituzten arren, gainontzeko lan-taldeak abian jartzea da hurrengo helburua.

Leloa“Bagan boga” izango dugu lelotzat 27ko Ibilaldi honek, Itsas-kulturaren metafora bikaina da.