Skip to main content

IBILALDIA’26k kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu Arriaga Antzokian

Zea Mays, EZEZEZ eta Txopet taldeetako Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek sortu dute abestia

Ibilaldia 2026ko kantaren aurkezpena Arriaga Antzokian

Bilboko Arriaga Antzokian aurkeztu ditu Kirikiño Ikastolak 2026ko Ibilaldiko kanta eta bideoklipa arrakasta handiz. Ehunka euskaltzale batu dira euskarari eta Ibilaldiari bultzada emateko, Bizkaiko ikastolen festa ospatzeko hiru hilabete baino gutxiago falta direnean, jai handia maiatzaren 31n izango da-eta Bilboko kaleetan.

2026ko Ibilaldiaren kantaren aurkezpena musikaz, dantzaz eta kolorez beteta egon da, Ibilaldiaren kantaren, bideokliparen eta koloreen bidez: korala, berdea, horia, urdina… eta momentu hunkigarriak bizi dira, belaunaldi desberdinetako irakasle, ikasle, langile eta familia batu baitira Arriaga Antzokian. 

Gainera, ikasleak eta ikasle ohiak izan dira ekitaldiko protagonista nagusiak. Izan ere, aurtengo abestia Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek sortu dute, gaur egun euskal musikaren erreferente diren hiru taldetako artistek: Aiora Renteriak (Zea Mays), Unai Madariagak (EZEZEZ) eta Jon Fernándezek, Andoni Barinaga-Rementeriak eta Iñigo Guemesek (Txopet), hain zuzen ere. Denak Kirikiño Ikastolako ikasle ohiak dira, baita Imanol Ituiño magoa eta Amaia Usandizaga eta Ainhize Vega kazetariak, ekitaldiko aurkezleak.

 

Belaunaldien arteko lotura

Ikastolaren komunitateak sortutako proiektu honek belaunaldien arteko lotura eta konpromiso partekatua azpimarratzen ditu. Horrela, bada, 2026ko Ibilaldiaren kantaren aurkezpenean erakutsitako bideoklipean, bideoan eta ekitaldian bertan, Kirikiño Ikastolako gaur egungo ikasleak agertu dira. LH, DBH eta Batxilergoko Kirikiño Ikastolako zenbait ikaslek abestuz eta dantzatuz hartu dute parte emanaldian, besteak beste, eszenatokian zuhaitz handi bat sortuz, eta HIRI KIRIBILI BIL aurtengo Ibilaldiaren logoa eraikiz. 

Bertaratutakoei ongi etorria emateko, DBH eta Batxilergoko ikasleak igo dira oholtzara. Abestuz batera, ikasleek dantza egin dute, dantza desberdinak gainera, euskal dantza, dantza klasikoa eta dantza modernoa, gizartearen aniztasunaren isla. 

Ondoren, Haizea Etxebeste Kirikiño Ikastolako lehendakariak hartu du hitza eta euskararen transmisiorako ikastolen lana eta komunitatearen indarra goraipatu ditu, Kirikiño Ikastolan azken ia 50 urtetan egiten den bezala, eta maiatzaren 31n denok Bilbon batzeko deia egin du Bizkaiko ikastolen jai handian.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Ibilaldiak euskarari ematen dion bultzada nabarmendu du, eta Bilbora, Bizkaira, Euskal Herri osora eta mundura zabaltzea ezinbestekoa dela aipatu du. Halaber, euskararen erabileraren garrantzia azpimarratu du, denoi baitagokigu euskara indartzea eta erabiltzea. 

 

Ikasleak eta ikasle ohiak protagonista

Jarraian, Kirikiño Ikastolako 50 bat umek "Aldapeko" abestia kantatu dute eta zuhaitz erraldoi bat eraiki dute oholtza gainean, arbolak fruituak eman dituela eta euskara Bilboko kaleetara zabaldu dela irudikatuz. Ikasle txikienak ere protagonista izan dira eta Ibilaldirako propio Ikastolan sortutako Kirikiñoaren ipuina kontatu dute, Ebaristo Bustintza “Kirikiño” maisuaren izena baitarama Ikastolak.

Imanol Ituiño ikasle ohiak magiaz harritu ditu bertaratutakoak Ikastolako ume eta guraso baten laguntzarekin, eta umorez josi du ekitaldia.

Bideoklipa erakutsi aurretik, parte hartu duten taldekideei elkarrizketa egin diete aurkezleek eta Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak nabarmendu du abesti oso itsaskorra, positiboa eta polita dela eta euskaldunok batzen gaituzten ezaugarriak dituela: Ikastola, Ibilaldia eta Euskara. Txopet taldeko Jon Fernandezek eta Andoni Barinaga-Rementeriak elkarrekin egindako lana goraipatu dute eta abestian Zea Mays, EZEZEZ eta Txopet taldeen nortasuna eta estiloak nabariak direla adierazi dute. 

Imanol Muro ikasle ohiaren zuzendaritzapean egindako bideoklipa ikusi eta gero, LHko ikasleek koreografia dantzatu dute, eta ekitaldiari amaiera borobila eman diote.

Ehunka euskaltzale hurbildu dira Arriaga Antzokira ikuskizunaz gozatzera eta Kirikiño Ikastolako ordezkarien esanetan, “ohore handia da Ibilaldiko kanta eta ekitaldia gure ikasle ohien talentuarekin osatzea; gure komunitatearen indarra eta jarraikortasuna islatzen ditu”.

Azken albisteak

2026 urtea berezia da Kirikiño Ikastolarentzat: Ibilaldia antolatzeko ardura hartu duen ikasturte honetan, komunitatea elkartzeko eta ospatzeko ekimen ugari prestatzen ari da.
2026ko Santutxuko inauteriak arrakastatsuak izan dira oso, eguraldiak lagunduta, eta, beste urte batez, Kirikiño Ikastolako komunitatea bertan izan da.
Kirikiño Ikastolak 100 eguneko atzera kontaketa abiatu du gaurtik aurrera, maiatzaren 31n ospatuko den Ibilaldia gero eta gertuago dagoela gogoratzeko.