2026ko ikastolen aldeko jaien gainerako antolatzaileekin eta mugako ikastolekin batera hartuko dute parte ekimenean Kirikiño Ikastolako 14 eta 16 urte bitarteko ikasleek
2026ko ikastolen aldeko jaiak antolatzen dituzten ikastoletako 14 eta 16 urte bitarteko ikasleak batuko dira Vianan martxoaren 27an, mugako ikastoletako ikasleekin batera, Non eta Mugan izeneko ekimenaren baitan. Euskal Herriko ikastolen eta ikasleen arteko harremana indartzea eta gazteek ikastolen aldeko jaiak hobeto ezagutzea da asmoa.
1977an Gipuzkoan abian jarri zen gero Euskal Herriko lurralde guztietara zabalduko zen dinamika berri bat: lehenengo Ikastolen aldeko jaia. Urte horietan, Euskara sustatzeko, herritarren sostengu ekonomikoa behar beharrezkoa zen eta horren bitartez proiektu asko garatzen joan ziren.
Euskal Herria bere osotasunean hartuta, gaur egun, oraindik ere, ikastolen proiektua gauzatzeko, herritarren elkartasunak beharrezkoa jarraitzen du izaten, baina Ikastoletako ikasleek ba al dute ikastolen aldeko jaien balioaren kontzientzia? Lurralde bakoitzean antolatzen den jaia ez ezik, jaia noiztik eta zertarako antolatzen den ba al dakite? Galdera guzti horiei testuinguru bat emateko, 14-16 urteko ikasle topaketa antolatu da Vianan martxoaren 27an eta han izango dira Kirikiño Ikastolako ikasleak, besteak beste.
Topaketan, ikastola periferikoak (Euskal Herriko mugan daudenak) eta 2026 urtean ikastolen jaiak antolatuko dituzten ikastolen arteko harremana sustatu nahi da. Halaber, periferiako Erentzun -Viana- ikastolaren lana eta egoera ezagutzeko aukera egongo da, eta Euskal Herriko ikastolen eta ikasleen arteko harremana indartu, saretu eta aberastuko da. Gainera, euskararen hizkera, izaera eta bizipen desberdinak ezagutzeko eta partekatzeko aukera egongo da.
Aipatutako galderak erantzunez, aurten Non eta Mugan parte hartuko duten ikasleei ikastolen mugimendurako jaiak den ondasun kultural horren ezagutza transmititu nahi da.
Ikasle Topaketak Data: 2026ko martxoaren 27a, ostirala
Ordutegia: 10:30etik aurrera
Lekua: Viana
Ikasle Topaketaren partaideak
Euskal Herriko mugan dauden ikastolak:
· SAN BIZENTE Ikastola (Oion)
· ASSA Ikastola (Lapuebla)
· ZUBI ZAHARRA Ikastola (Balmaseda)
· ARGIA Ikastola (Tutera)
· B. ETXEPARE Lizeoa (Baiona)
2026ko ikastolen aldeko jaien antolatzaileak:
· ARESKETA Ikastola (Amurrio)
· LAZKAOKO Ikastola (Lazkao)
· SAN FERMIN Ikastola (Zizur Txikia)
· ERENTZUN Ikastolak DBHrik ez duelako, SAN BIZENTE Ikastolako ikasleekin osatuko da taldea
· KIRIKIÑO Ikastola (Bilbo)
Ibilaldia 2026