Skip to main content

Jai giro bikaina eta parte-hartze handia Kirikiño Ikastolak antolatutako Herri Kirolen Desafioan

Kirikiño Ikastolan topaketa berezia ospatu zen apirilaren 18an Ibilaldiko bidean euskal kultura protagonista

  Jai giroa nagusi Kirikiño Ikastolak apirilaren 18an antolatutako Herri Kirolen Desafioan

Ibilaldia 2026 ospatzeko bidean, Kirikiño Ikastolak komunitatea aktibatzeko eta elkartzeko beste urrats sendo bat eman zuen apirilaren 18an. Herri Kirolen desafioa —urtarrilean eguraldiagatik bertan behera utzi behar izan zena— berriro antolatu zen, eta arrakasta handiz gainera: parte-hartze zabala, giro aparta eta euskal kulturaren presentzia nabarmena izan ziren arratsaldeko protagonistak.

17:00etan ateak zabaldu bezain pronto, Gabriel Aresti kaleko patioa kolorez, algaraz eta mugimenduz bete zen. Guztira, 96 lagunek hartu zuten parte herri kirolen desafioan, 12 taldetan banatuta eta hiru kategoriatan: LH 3-4, LH 5-6 eta nerabeak zein gurasoak. Talde bakoitzak zortzi kide izan zituen, eta denek erakutsi zuten gogoa, indarra eta talde-lana.

Euskal kirol tradizionaletan oinarritutako probek ikusmin handia sortu zuten: ingude altxatzea, lokotx biltzea, zaku eramatea, txinga erutea eta betiko klasikoa, sokatira. Lehia sanoa egon zen, baina egunaren benetako helburua argi geratu zen: elkarrekin ondo pasatzea eta euskal kultura erdigunean jartzea.

Arratsalde bikaina 

Kirol probak amaitu ondoren, festak ez zuen etenik izan. Ikastolara hurbildu ziren guztiek gozatu zuten bingo musikatuarekin, eta ausartenek karaokean eman zuten ahotsa. Ume txikiek, berriz, puzgarrietan egin zuten jauzi eta jauzi, eta familiek taloak dastatzeko aukera izan zuten, giro atsegin eta familiarrean.

Egunak utzitako irudia argia izan zen: Kirikiño Ikastola komunitate bizia eta parte-hartzailea da, eta Ibilaldia 2026ren bidean, elkartasuna, jai giroa eta euskal kultura dira bultzatzen duten indarrak. Herri Kirolen desafioak, berriro ere, auzoko eta Ikastolako jendea batu zuen, eta arratsalde bikaina eskaini zuen.

Azken albisteak

Ikastolatik hirira, eta hiritik Euskal Herrira: Ibilaldia iruditan
Txurdinagako kaleak eta Bilboko txokoak jendez eta ilusioz bete dira 2026ko Ibilaldia ospatzeko, HIRI KIRIBILI BIL lelopean.
Kirikiño Ikastolak 2026ko Ibilaldiaren antolakuntza bere gain hartu du, eta Bizkaiko ikastolen jai handiena Bilbon ospatuko da, maiatzaren azken i
Amaitu da aurtengo Matematikako Argazki Lehiaketa, eta beste behin ere ikasleen sormena, jakin-mina eta ingurua beste begi batzuekin aztertzeko gaitasuna agerian geratu dira.