Skip to main content

Ibilaldiak herria dantzan jarriko du maiatzaren 8an

Euskal kulturaren adierazpenak eta parte-hartzea izango dira protagonista maiatzaren 8ko programazioan

Kirikiño Ikastolak antolatutako Herria dantzan, Ibilaldia martxan ekimena

Kirikiño Ikastolak badu zer ospatua eta zer partekatua: Ibilaldia 2026 gero eta gertuago dago, eta bide horri hasiera emateko, “Herria dantzan, Ibilaldia martxan” ekimena antolatu du maiatzaren 8ko arratsalderako. 18:00etatik aurrera, Bilboko Uribitarte euskal kulturaren eta giro onaren topagune bihurtuko da. 

Ekimenak Ibilaldia 2026ren motorrak berotzen hasteko balioko du, baina, batez ere, komunitatea aktibatzeko eta elkarrekin gozatzeko. Horretarako, askotariko jarduerak prestatu dituzte, publiko guztiei irekiak, eta hiru gunetan banatutako egitarau dinamiko batekin.

Arratsalde osoa, hiru gunetan

18:00etan emango zaio hasiera festari Ramon Rubial parkearen plazan (Guggenheim eta Zirgarien plazaren artean). Lehen doinuak txalapartaren eta adarren eskutik iritsiko dira, eta pixkanaka giroa berotzen joango da: txistulariak, Peñagarikano bertsolaria eta Agurra dantza izango dira protagonista. Une berezia izango da, izan ere, Ibilaldia 2026rako sortutako abestiaren koreografia partekatua ikusteko aukera ere egongo da. 

18:45 aldera, festa Isozaki Dorreen ondoko Bizikidetasun plazara mugituko da. Bertan, Kirikiño ikastolako abesbatzak emanaldia eskainiko du, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek “Aldapeko” abestia kantatuko dute. Une hunkigarri eta parte-hartzailea izango da, publikoarekin batera bizitzekoa.

Iluntzearekin batera, jaia Pio Baroja plazara abiatuko da, eta bertan erromeria giro betean murgilduko da. Trikitilariek dantzarako gonbita egingo dute, eta DJ Kaktusek erritmo garaikideak jarriko ditu. Gainera, Ibilaldia 2026ko koreografia berriro dantzatuko dute ikasleek eta bertaratutakoek, gero eta gehiago izateko pausoak elkarrekin ematen.

Kaleak bizirik, komunitatea martxan

21:30 aldera festari amaiera emango zaio, baina arratsalde osoan zehar kaleak bizirik egongo dira: zanpantzarrak, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak Abandoibarran barrena ibiliko dira giroa pizten. Eta, noski, ibilbidean, Kiriki egongo da, Kirikiño Ikastolaren panpin maitea, jai giroan murgilduta.

Azken albisteak

Ibilaldia gero eta gertuago dugu, eta bide horretan, pauso berezi bat partekatu nahi du Kirikiño Ikastolak komunitate osoarekin: “
2026ko Ibilaldiak berrikuntza esanguratsua ekarriko du: lehen aldiz, “Euskara Mila Koloretan” pintura‑lehiaketa egingo da, helduentzat zein haurrentzat.
Ibilaldia 2026 ospatzeko bidean, Kirikiño Ikastolak komunitatea aktibatzeko eta elkartzeko beste urrats sendo bat eman zuen apirilaren 18an.