Gure hizkuntzaren erabilera sustatzeko ekimen ugari antolatu ditu Kirikiño Ikastolak Ibilaldia Bilbora itzultzen den urtean
Kirikiño Ikastolak 2026ko Ibilaldiaren antolakuntza bere gain hartu du, eta Bizkaiko ikastolen jaialdi handiena Bilbon ospatuko da, maiatzaren 31n, Txurdinagan. Euskara, hezkuntza eta euskal kulturaren aldeko topagune erraldoia izango da, familia zein lagunekin egun osoan gozatzeko aukera eskainiko duena.
Ibilaldia, hala ere, ez da egun bakarreko festa: urte osoan zehar garatzen den proiektua da, komunitatearen elkarlanari esker helburu argi batekin sortua: ikastola, euskara eta euskal kultura Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzea. Kirikiño Ikastolak iaz hartu zuen erronka hau, eta ilusioz zein arduraz ari da prestatzen Bilbon euskararen erabilera indartzeko aukera paregabe hau. Helburu horrekin, Ibilaldiaren jai egunean hiru gunetan banatutako eta adin guztiei begirako kultura‑, musika‑ eta aisialdi‑eskaintza zabala antolatu da.
HIRU GUNE, IBILBIDE BIZIA ETA EGITARAU ZABALA
2026ko Ibilaldiak hiru gune nagusitan garatuko du bere eskaintza, Txurdinagako hainbat espaziotan barrena. Jaiaren abiapuntua Kirikiño Ikastola izango da; handik Europa Parkera egingo du jauzi, eta festaren azken gune handia Txurdinagako Kiroldegia izango da. Gune guztiak ibilbide dinamiko eta bizigarri batek lotuko ditu, kalez kale euskararen presentzia eta jaigiroa zabalduz egun osoan zehar.
Bezperako eguna: maiatzak 30
Jaia bezperan bertan hasiko da Kirikiño Ikastolan, besteak beste, erromeriarekin, pailazoekin, kontzertuekin, umeentzako tailerrekin eta “Euskara mila koloretan” lehiaketako sari banaketarekin.
Ibilaldiaren eguna: maiatzak 31
Egun osoan zehar, adin eta gustu guztietarako ehunka jarduera izango dira: dantza taldeak, magoa, Go!azen, bertsolariak, antzerkia, kontzertuak, erromeriak, DJak, tailerrak, puzgarriak, karaokeak, erronka herrikoiak, txarangak eta kalejirak, besteak beste.
Ibilaldia 2026ko musika‑eskaintza zabala eta anitza izango da, adin eta gustu guztietarako proposamenekin. Egun osoan zehar, hainbat eszenatokitan ariko dira zuzenean Gozategi, Ezezez, Zuztarrak, Harana, Fruiztariak, Txerokiak, TxapelPunk, Xsakara eta Punttu Kakotx, besteak beste. Horiez gain, jai‑giroa indartuko dute Lehian eta Pakemba erromeriek, Hots Kolektiboa txarangak, Samasiku fanfarriak, Bitxo do Samba batukadak, Patxipanda txistulari taldeak eta Kirikiño Ikastolako trikitilariek. Musika‑programazioa osatzeko, DJ Kaktus eta DJ Bull arduratuko dira erritmoa eta festa ez etetearen ardura hartzeaz.
JAI JASANGARRIA ETA ERASORIK GABEKOA
Kirikiño Ikastolak argi dauka: Ibilaldia jai eredugarria izan behar da, bai ingurumenarekiko errespetuan, bai harremanetan.
🌿 IBILALDIA 2026: ERRONKA GARBIA
Aurten, jasangarritasuna jaialdiaren erdigunean jarriko da. Helburua da ingurumen-inpaktua murriztea eta parte-hartzaile guztien laguntzarekin festa arduratsuagoa egitea:
· Oinez, bizikletaz edo garraio publikoan etortzea
· Edalontzi eta botila berrerabilgarriak erabiltzea
· Hondakinak behar bezala sailkatzea
Kirikiño Ikastolak, bere aldetik, ingurumen-inpaktua identifikatu, neurtu eta murrizteko konpromisoa hartu du, emaitzak gardentasunez partekatuz.
🚫 ERASORIK EZ
Ibilaldia eraso sexista, homofobo edo matxistarik gabeko espazioa izango da. Indarkeriarik ez da onartuko inola ere, eta errespetua, berdintasuna eta askatasuna izango dira jaiaren oinarriak.
HASIERA EKITALDIA
Ibilaldiaren ekitaldi ofiziala goizeko 10:00etan izango da, Kirikiño Ikastolan. Bertan, hezkuntza komunitateko kideak, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak, eta hainbat erakunde eta eragile batuko dira.
Ekitaldia magiaz, musikaz eta dantzaz beteta egongo da, eta Kirikiño Ikastolako ikasleek HIRI KIRIBILI BIL kantaren koreografia eskainiko dute, jaiaren aurkezpenari amaiera berezia emanez.
KOMUNIKAZIORAKO HARREMANA
Kirikiño Ikastolako 2026ko Ibilaldiko Komunikazio Taldea hedabideei laguntzeko prest egongo da.
Harremanetarako: komunikazioa@ibilaldia.ikastola.eus
Ibilaldia 2026