Anjel Mari Peñagarikano, Maddi Ane Txoperena, Jon Maia eta Aissa Intxausti bertsolariak izango dira Bilboko Ikastolan azaroaren 28an
Kirikiño Ikastolak bertsozaletasunari eusten dio beste behin eta, Euskararen Eguna gertu dugula, urteroko Bertso Saioa prestatu du, gure hizkuntzaren egun handia ospatzeko. Aurtengo ekitaldia, gainera, berezia izango da, Ikastola Ibilaldia 2026 antolatzen ari den urte honetan eta Korrika Bilbon amaituko den honetan.
Bi mugimendu handi horiek indartzen duten euskararen aldeko konpromisoarekin bat eginez, komunitate osoa gonbidatu nahi du Kirikiño Ikastolak kulturaz eta euskaraz gozatzera azaroaren 28an. Kirikiño Ikastolara, aurten, lau bertsolari gerturatuko dira: Ikastolak urtero antolatzen duen bertso saioan inoiz hutsik egiten ez duen Anjel Mari Peñagarikano bertsolariaz gain, Maddi Ane Txoperena, Jon Maia eta Aissa Intxausti.
Hala, azaroaren azken ostiralean, hilaren 28an, Euskararen Eguna izateko egun batzuk baino faltako ez direnean, Kirikiño Ikastolak euskaltzale guztiak gonbidatzen ditu Ikastolara, asmoa baita ehunka euskaltzale batzea Ikastolak antolatu duen bertso saio apartan, aurreko urteetan bezala, eta euskararen hitz jokoez eta bertsolarien abileziaz eta umoreaz gozatzea.
Sarrerak salgai
Bertso saioa arratsaldeko zazpietan hasiko da Ikastolaren areto nagusian, Gabriel Arestiko eraikinean, eta sarrerak Ikastolan bertan eta webgune honetan eros daitezke, 6 euroan.
· Nola eskuratu
- Ikastolan bertan salgai
- Webgune honen bidez lotura honetan: Sarrerak erosi
· Ekitaldiaren xehetasunak
- Eguna eta ordua: Azaroaren 28an, 19:00etan
- Lekua: Kirikiño Ikastolan (Gabriel Aresti eraikinean, areto nagusian)
- Prezioa: 6 €
- Bertsolariak: Anjel Mari Peñagarikano, Maddi Ane Txoperena, Jon Maia eta Aissa Intxausti
Giro aparta izango da, bertsolari handiak oholtza gainean, eta pil-pilean dauden gaiak hizpide. Horietako bat, dudarik gabe, datorren urteko Ibilaldia izango da, 2026ko maiatzaren 31n Ibilaldia ospatuko baita Bilbon, Kirikiño Ikastolaren eskutik.
Ikasturte osoan zehar, Kirikiño Ikastolak hamaika ekimen burutuko ditu maiatzean Ibilaldia hartuko duela gogoratzeko eta ospatzeko. Bertso saioaz gain, besteak beste, irailean, Ibilkrosa antolatu zuen Txurdinagan haur zein helduentzat, eta soilik duela egun batzuk kooperatibista ez erabiltzaileen bazkaria izan da, Ikastolen eta euskararen alde urteetan egindako lan itzela haiei eskertzeko.
Bertso saioa euskaraz bizitzeko eta komunitatea indartzeko une ederra izango da, baita euskararen eta euskal kulturaren aldeko elkartasuna eta gogoa erakusteko modu aparta ere. Hala, Kirikiño Ikastolak euskaltzale guztiak gonbidatzen ditu Ikastolara eta, saioaren amaieran, pikoteo atsegina izango da, giro lasaian elkarrekin egoteko.
Ibilaldia 2026